2006-12-27

Dokumentua Euskaraz

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA

Ia 700 euskal herritar daude kartzelan, “terrorismoaren aurkako borroka” deitutakoak eragindako salbuespen arauen ezarpena dela eta. Espetxetako egoera okertzen ari delarik.
Presoen gehiengoa ( %98,5) Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dago, Espainiako eta Frantziako gobernuek ezartzen duten sakabanaketa politikaren ondorioz.
Sakabanaketa beraien legearen eta presondegiko oinarrizko tratamendu ororen aurka doa. Preso daudenekiko zein beraien senide eta inguru sozial eta politikoarekiko mendekuan eta xantaian oinarritutako erabaki politikoetan oinarritzen da.
Sakabanaketak preso dauden lagunen bizi baldintzak gogortzen ditu, zigorra senide eta inguruko pertsonei zabalduz. Izan ere, preso dagoen lagunarekin denbora labur batez egon ahal izateko izugarrizko esfortsua suposatzen du, bai denbora aldetik, bai espetxeetara joateko egin behar diren bidai luzeek suposatzen duten arriskuen aldetik eta baita horrek guztiak suposatzen duen dirutzagatik. Honako datu hauek esandakoa berresten dute:

·Bataz beste presoak, Euskal Herritik 724 kilometrotara daude.
·Bisitak burutzeko urteroko batazbestekoa 13.812 eurokoa da presoen senideentzako.
·Presoak bisitatzeko desplazamenduetan hildakoak dagoeneko, 16 lagun dira.

Egungo Espainiako eta Frantziako gobernuek kartzela eta zigor arloetan aurreko gobernuen ildo bera daramatela salatu beharra dago : zigorren gehitze, sakabanaketa, isolamendua, komunikazioen murrizketa, gaixo dauden presoen eskubideen urraketa, presoen hezkuntza eskubiderako eta euskararen erabilerarako trabak jartzea, espetxe zigorraren iraupenaren murrizketarako aukeren ezabaketa, legeak onartutako mesedeen aplikazioaren murrizketa kartzelatik ateratzea eragozteko asmoarekin... Neurri horiek, batetik, espetxeetako bizi baldintzak gogortzea bilatzen dute, eta bestetik, preso dauden lagunek espetxean igaro behar duten denbora ahalik eta gehien luzatzea da.


Larritasun eta erabaki politiko guzti hauen aurrean, HERRIRA plataformak espainiar zein frantziar gobernuei ondorengoa eskatzen dio:

-Tratu duin eta errespetuzkoa jasotzeko eskubidea:
·Tortura eta tratu krudelik ez.
·Ez isolamendurik, ez jipoirik.
·Beren nazio zein kultur identitatearekiko begirunea.

-Osasun eskubidea:
·Osasun zainketa duina.
·Konfiantzako sendagileek, bisitatzeko aukera.

-Komunikazio eskubidea:
·Ez interbentziorik, ez murrizketarik.
·Euskeraz ere komunikatzeko askatasuna.

-Hizkuntz eskubidea:
·Euskaldun legez, beraien garapen integrala euskaraz burutzeko askatasuna.

-Hezkuntza eskubidea:
·Ikasteko zangotrabarik ez.
·Ikasketak euskaraz ere burutu ahal izateko aukera.

-Amatasun eta aitatasun eskubidea:
·Duintasun osoz presoek ama izateko eskubidea.
·Aitarekin komunikazioei trabarik ez.

-Askatasunerako eskubidea:
·Baldintzapeko askatasuna aplikatzea zigorraren ¾ edota 2/3 bete dituzten presoei ( epaituak izan ziren Kode Penalaren arabera ).
·Legez dagozkien erredentzioak aplikatzea inolako diskriminaziorik gabe.
·Larriki gaixo direnen berehalako kaleratzea.

-Euskal Preso Politikoen Kolektibo gisa, Euskal Herrian eta elkarrekin bizitzeko eskubidea:
·Kolektiboak izendaturiko mintzakidetzaren aitortza.
·Kolektibo gisa gainerako eragileekin harremanak izateko askatasuna.
·Euskal gizartean eztabaida eta erabaki guneetan parte hartzeko aukera eta askatasuna.

Azkenik HERRIRA plataformak:

-Dei zabala luzatzen die auzoko eragile sozial, sindikal eta politikoei eta oso bereziki auzokideei parte har dezaten hilabete guztietako bigarren ostiraletan Santutxun burutzen dugun mobilizazioan.(Abenduan izan ezik 25ean burutzen baitugu).
-“Euskal Presoak Euskal Herrira” ikurra berriro hartu eta bere presentzia publiko eta masiboa ziurtatu.
-Halaber, Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa dena delako izanda, Euskal Preso Politikoen eskubideak errespetatuak izan behar dira, eta presoen eskubideen alde lan egitea gatazkaren konponbidearen alde lan egitea dela uste dugu.


Santutxun, 2006ko Irailean